Eginkizunak - Tribunal Administrativo de Navarra
Eginkizunak
Eginkizunak
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 333.1 artikuluak honako hau ezartzen du: “Nafarroako toki entitateen jarduera administratiboa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren kontrolaren menpe dagoena, bide hauetakoren batetik aurkaratzen ahalko da:
a) Legeria orokorrean ezarritako errekurtso jurisdikzionalak edo administratiboak aurkeztuz organo eskudunetan.
b) Kapitulu honen bigarren atalean ezarritako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz Nafarroako Administrazio Auzitegian. Auzitegi horren ebazpenek, espresuek edo presuntziozkoek, amaiera emanen diote foru administrazio bideari, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunetan aurkaratzen ahalko dira”.
Gora jotzeko errekurtsoa
Gora jotzeko errekurtsoa aukerakoa eta doakoa izanen da, eta, hala badagokio, Nafarroako Administrazio Auzitegian aurkeztu beharko da.
Errekurtsoa jartzeko, abokatua eta prokuradorea ez dira beharrezkoak.
Gora jotzeko errekurtsoa paratzeko legitimaturik egonen dira legeria orokorraren arabera toki erakundeen egintza eta erabakiak aurkaratzeko legitimaturik daudenak, bai eta herritarrak ere, egintzak edo erabakiak pertsonalki ez ukitu arren.
Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da, egintza espresua bada. Espresua ez bada, errekurtsoa edozein unetan jartzen ahalko da, araudi espezifikoaren arabera administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu diren egunaren biharamunetik aurrera. Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren legeriaren arabera jarduera administratiboa aurkara daitekeen gainerako kasuetan, jurisdikzio horretan zein egunetan aurkeztu ahal den errekurtsoa, egun horretatik aurrera edozein momentutan aurkeztu ahalko da errekurtsoa.
Gora jotzeko errekurtsoa ordenamendu juridikoaren edozein urraketatan oinarritzen ahalko da, agintea desbideratzea barne.
Gora jotzeko errekurtsoa Nafarroako Administrazio Auzitegiak tramitatu eta ebatziko du, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez.
Gora jotzeko errekurtsoak sei hilabeteko epean ebatzi beharko dira. Epe hori ebazpen espresurik eman gabe igarota, errekurtsoak ezetsitzat jotzen ahalko dira.
Gora jotzeko errekurtsoa jartzeak ez du etenen aurkaratutako egintzaren edo erabakiaren betearazpena.
Gora jotzeko errekurtsoa izapidetzen ari den bitartean, Administrazio Auzitegiak ezin izanen du betearazpena eten.
Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ebazpenak betearaztea dagokio errekurtsoaren xede den jarduketa egin duen toki entitateko organoari.
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Administrazio Auzitegiak eskatuta, egokia dena xedatzen ahalko du aipatu ebazpenak subsidiarioki betearazteko, baita betearazpena ahalbidetzeko eskumenetan automatikoki subrogatzea eta beharrezkoak diren funts ekonomikoak eskura jartzea ere.